RODILESEKO OLATUA BABESTU NAHI DU ASTURIASEKO FEDERAZIOAK
Asturiaseko surf federazioak, Espainiako federazioarekin batera, prentsaurreko bat eman zuen pasadan larunbatean, Rodileseko olatua arriskuan jarraitzen duela gogoarazteko eta bere gainean burutu nahi den dragatuaz kexatzeko.
Dirudienez, asteazkenean, Asturiaseko Presidentea den Vicente Álvarez Areces jaunak, zonalde honetan burutuko diren herri-lanen berri eman zuen beste prentsaurreko batean. El Puntal deritzon kaia handitzeko asmoz eta Rodilesekin lotzearren, 3 urteko egitasmoa eramango da aurerra. Honek hare mugitze erraldoiak eskatzen ditu. Izan ere, lehenengo fasean, jadanik amaituta, 36.678 m3 hare lekuz aldatu dira. Beraz, hau ikusita, aurreikus daiteke, beharrezkoa izango dela dragatu handia burutzea bigarren faseari ekiteko. Baina bai Asturiaseko Printzerria nola Europak, 2000.ean, Erreserba Naturaltzat jo zuten zonalde hau (Natura Sarea 2000).
Bai Carlos Garcíak, Espainiako Federazioaren Presidentea, nola, federazio honetako selekzioanatzailea den Hugo Suarezek eta noski, Asturiaseko Federazioko Presidentea, Hector Bangok, egoera larri hau salatu zuten. Izan ere, Erreserba Naturala izateaz gain, oso olatu preziatua da estatu mailan eta Europan. Mundakan izandako saio latzarekin lotu zuten egoera. Gogoratu zieten Asturiaseko mandatariei, Bizkaiko olatuan gertatu zen bezala, posible izan zitekeela dragatuak bere funtzioa ez betetzea eta harea bere jatorrizko lekura bueltatzea.
Hau guztia berriz ere salatzeko, deialdi berri bat egin du Bangok eta surflari guztiak bildu nahi ditu datorren otsailak 3an Rodileseko hondartzan. Agian, oraindik, gauzak zeharo alda daitezke. Hala espero dugu.